Kikili Salda ekimenenetik «Txikitasunetik ongizatera» proiektua jarri dugu abian aurten, familian elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin. 2019an sortu zen Kikili Salda, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko adingabeen osasuna eta ongizatea sustatzeko asmoz, haurren elikadurak eta jarduera fisikoak duten garrantzia azpimarratuz.

Urte hauetan, hainbat kanpaina eta jarduera egin ditugu, besteak beste, azukre-kontsumoaren, gosariaren garrantziaren, sukaldeko jardueren eta familian jarduera fisikoa sustatzearen inguruan eta elikadura osasungarri eta jasangarria bultzatuz. Aurten, berriz, haurtzarotik hartzen diren ohituretan eta familiek ohitura horiek eraikitzeko duten garrantzian jarri dugu arreta.

Horretarako, bi saio osagarri antolatu ditugu herri bakoitzean, Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrak dituzten familiei zuzenduak.

Lehen saioa teorikoa izango da, gurasoentzat, eta egunerokoan elikadura osasungarria antolatzeko baliabide praktikoak landuko dira: menuen plangintza, erosketa osasungarria, elikagaien etiketak irakurtzea eta etxeko antolaketa, besteak beste. Saioa Nere Sotil Buldain dietista-nutrizionistak gidatuko du.

Bigarren saioa praktikoa izango da, eta gurasoek zein haurrek elkarrekin egingo dute sukaldean. Errezeta errazak, osasungarriak eta goxoak prestatuko dituzte, ikasitakoa praktikan jartzeko eta familia giroan elikadura osasungarriaz gozatzeko. Saioa Egoitz Zabaleta Alduntzin sukaldariak dinamizatuko du.

Hiru herritan, azaroan

Saioak azaroan egingo dira, herri bakoitzean bi hitzordu izanik:

  • Areson: saio teorikoa azaroaren 3an izango da, 17:00etan, Aresoko Eskola Etxean; saio praktikoa, berriz, azaroaren 13an, 17:00etan, Pake Toki elkartean.

  • Leitzan: saio teorikoa azaroaren 10ean egingo dute, 17:00etan, Erleta Eskolako jangelan; praktikoa, azaroaren 18an, ordu berean eta leku berean.

  • Goizuetan: saio teorikoa azaroaren 18an izango da, 17:00etan, Xalto Eskolako jangelan; saio praktikoa, azaroaren 23an, 17:00etan, leku berean.

Antolatzaileok familiei parte hartzeko gonbita egin dizuegu, txikitatik elikadura-ohitura osasungarriak lantzeak haurren ongizatean duen garrantzia nabarmenduz.

Izena emateko, online galdetegia bete daiteke, edo Gizarte Zerbitzura deitu, 948 510 840 telefono-zenbakira.