Udako festak iristear direla, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio Programatik “GOZATU. ZAINDU. NEURTU.” kanpaina jarri dugu martxan. Helburua argia da: herritarrei eta festetako eragileei jaiak modu osasuntsu, seguru eta errespetuz bizitzeko gomendioak eta baliabideak eskaintzea, zaintza eta elkarrekiko errespetua sustatuz.

Festak komunitatea elkartzeko eta herriaz gozatzeko une bereziak dira. Hala ere, jai giroan arrisku egoerak ere sor daitezke, hala nola gehiegizko kontsumoa, talde presioa, eraso matxistak edo jarrera sexistak, arrazistak eta LGTBI+foboak. Horregatik, aurtengo kanpainak mezu sinple baina esanguratsu baten inguruan egiten du bat: gozatu festak, zaindu zeure burua eta ingurukoak, eta hartu erabakiak neurriz eta arduraz.

Kanpainak bi lan ildo nagusi ditu. Alde batetik, herriko taberna, txozna, elkarte, gaztetxe eta gainerako ostalaritza establezimenduetara gutun bat bidali da, zerbitzu arduratsua sustatzeko. Bertan, adin txikikoen babesaren garrantzia, mozkortasun egoeren kudeaketa, arrisku edo gatazka egoeren aurrean jarduteko irizpideak eta indarkeriarik, sexismoarik, arrazakeriarik eta LGTBI+fobiarik gabeko espazio seguruak sortzeko gomendioak jasotzen dira.

Bestetik, herritar guztiei zuzendutako “GOZATU. ZAINDU. NEURTU.” kartela banatu da eskualdeko festa giroko guneetan. Kartelak gogorarazten du festak bakoitzak bere erara eta presiorik gabe gozatzeko direla; norberaren eta ingurukoen zaintza sustatzen du; besteen mugak eta erabakiak errespetatzearen garrantzia azpimarratzen du; eta kontsumitzea erabakitzen dutenentzat arriskuak murrizteko gomendio praktikoak eskaintzen ditu, hala nola ura maiz edatea, atseden hartzea, substantziak ez nahastea edo etxerako itzulera aurrez antolatzea.

Kanpainaren baitan, preserbatiboak eta erabilera bakarreko alkoholimetroak ere banatuko dira eskualdeko 33 taberna, txozna, gaztetxe, elkarte eta bestelako festa guneetan. Horrez gain, kartelean eskualdeko taxi zerbitzuen telefonoak (Arantxa 660 79 43 26 eta Dabid 679 71 51 69) eta autobusen ordutegiak kontsultatzeko webguneak ere jasotzen dira (www.leitza.eus; www.goizueta.eus; www.areso.eus), etxerako itzulera segurua errazteko.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio Programatik herritar guztiei gonbita egiten zaie festak askatasunez, errespetuz eta zaintzaz bizitzera. Izan ere, festak denonak dira, eta guztion ardura da giro segurua eta atsegina eraikitzen laguntzea.

Informazio gehiago: 948 51 08 40 – prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org