Urtero bezala, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Programak udako kanpaina egin du Altsasu, Etxarri-Aranatz eta Irurtzungo Prebentzio Programekin elkarlanean. Aurten, gainera, bi ekimen garatuko dira adin-tarte desberdinetako gazteengana iristeko.

Alde batetik, iaz abian jarritako “Burua piztu, aukerak eraiki!” kanpaina errepikatuko dua 2012 eta 2013 urteetan jaiotako gazteen artean. Kanpaina horren bidez, aisialdi aktibo eta osasungarria sustatu nahi da, substantzien kontsumoa eta pantailen erabilera problematikoa prebenitzeko eta kontsumoaren hasiera adina atzeratzeko.

Bestetik, aurten lehen aldiz, “Elkarrekin neurria argiago” kanpaina egin da 2010 eta 2011 urteetan jaiotako nerabeei eta haien familiei zuzenduta. Ekimenaren helburua da nerabeen osasun mentala eta ongizate emozionala indartzea, erabaki kontzienteak hartzeko gaitasuna sustatuz eta substantzien kontsumoaren prebentzioa landuz.

Uda aisialdirako, sozializaziorako eta esperientzia berriak bizitzeko garai berezia da. Hala ere, errutinen aldaketak, lagunarteko presioak edo jai giroko egoera berriek zalantzak eta arrisku-egoerak ere ekar ditzakete. Horregatik, kanpainak gazteei egoerak patxadaz aztertzeko, beren emozioak identifikatzeko eta norberaren mugak errespetatzeko tresnak eskaintzea du helburu.

Elkarrekin neurria argiago kanpainaren baitan, nerabeek gutun bat eta kanpainaren logodun flexometro bat jaso dituzte etxean. Tresnak linterna txiki bat eta metro bat ditu, eta hiru ideia nagusi irudikatzen ditu: argia, egoerak perspektibaz aztertzeko; neurria, norberaren mugak ezagutu eta errespetatzeko; eta tresnak, zailtasunei aurre egiteko baliabide pertsonal eta sozialak badituztela gogorarazteko.

Familiek ere gutun bat jaso dute, Nafarroako Gobernuak prestatutako alkoholaren kontsumoari eta ongizate emozionalari buruzko eskuorriekin batera. Bertan, nerabezaroaren inguruko informazioa, komunikazioa sustatzeko aholkuak eta prebentziorako orientabide praktikoak eskaintzen dira.

Kanpaina honen bidez, prebentzio-programetako arduradunok familiei eta gazteei hausnarketarako eta elkarrizketarako gonbita egin nahi dizuegu. Mezu nagusia argia da: egoera berrien aurrean gelditu, pentsatu, neurria hartu eta, behar denean, laguntza eskatu.

Informazio gehiago edo orientazioa jasotzeko, herritarrek Prebentzio Programarekin harremanetan jar daitezke 948 510 840 edo 681 26 51 89 telefono zenbakietan, edota prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org helbidera idatzita.