Eskualdeko gazteei zuzendutako prestakuntza azaroaren 8an hasiko da, eta izena emateko epea urriaren 30era arte egongo da zabalik. Ikastaroak 310 orduko prestakuntza teoriko-praktikoa eskainiko du, eta dirulaguntzak eskuratzeko aukera ere izango da.
Haur eta gazteen aisialdian lan egiteko interesa duten gazteek aisialdiko begirale izateko ikastaro ofiziala egiteko aukera izango da aurten lehen aldiz. Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Irurtzunaldeako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu dugu prestakuntza, Dindaia Fundazioaren eskutik eskainiko dena.
Ikastaroaren helburua gazteak aisialdi hezitzailearen arloan prestatzea da, haur eta gazteekin jarduteko eta aisialdiko jarduerak dinamizatzeko beharrezko ezagutzak eta tresnak eskainiz. Prestakuntzak 310 ordu izango ditu guztira: 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko.
Ikastaroa azaroaren 8tik martxoaren 14ra bitartean egingo da, igande goizetan (guztira 14 igande), eta Pazko astean egonaldi bat ere aurreikusten da. Saioak Leitzako Erleta eskolako jangelan eta Larraungo Gabarin egingo dira, eta egonaldia aterpetxe batean izango da.
Prezioa 420 eurokoa da, aterpetxeko egonaldia barne. Hala ere, parte-hartzaileek diru-laguntzak eskuratzeko aukera izango dute: batetik, Nafarroako Gobernuaren Gazteriako Sailaren laguntzak aurreikusten dira, eta, bestetik, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ere dirulaguntzak eskainiko ditugu, dagozkien baldintzen arabera.
Izena emateko epea urriaren 30era arte egongo da zabalik, edo plazak bete arte. Parte hartu ahal izateko, euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea eta 2027an zehar 18 urte beteta izatea eskatzen da.
Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko, interesdunek Dindaia Eskolaren webgunera jo dezakete. Bestela, 639 95 64 40 telefono-zenbakira deitu edo dindaia_aisialdi_eskola Instagram kontuaren bidez ere jar daiteke harremanetan.
Ekimen honen bidez, eskualdeko gazteei aisialdi hezitzailearen arloan trebatzeko aukera eman nahi zaie, haur eta gazteen aisialdian parte hartzeko eta tokiko komunitatean hezkuntza-lana egiteko bide berriak zabalduz.