Leitza, Goizueta, Areso, Arano eta Ezkurrako haur, familia eta irakasleen arteko Topaketek aurten bere ediziorik bereziena ospatuko dute: XXV. urteurrena. Hitzordua maiatzaren 30ean izango da Areson, eta egun osorako egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek.

Eguna 11:00etan hasiko da ongietorriarekin, eta jarraian herriko kaleetan zehar jolas eta tailer ezberdinez osatutako txokoak jarriko dira, parte-hartzaile guztiek gozatzeko modukoak. 13:30ean II. Sormen Lehiaketako sariak eta Topaketetako logo lehiaketako sariak banatuko dira.

Bazkaria 14:00etan izango da herriko plazan. Menua paella eta postrea izango dira, eta prezioak honakoak izango dira: helduek 14 euro eta haurrek 8 euro. Intolerantzia edo alergiaren bat dutenek aldez aurretik jakinarazi beharko dute Aresoko Guraso Elkartea-rekin harremanetan jarriz (aresokogurasoelkartea@hotmail.com).

Bazkariko txartelak maiatzaren 15etik 24ra bitartean egongo dira eskuragarri honako tokietan: Areson eskolan, Goizuetan Amaia Kafetegian, eta Leitzan Astiz eta Maimur establezimenduetan.

Arratsaldean ere ez da ekitaldirik faltako: 16:00etan kalejira egingo da herrian zehar, 17:00etan jolas kooperatiboak izango dira, eta 18:00etan arratsaldekoa eskainiko da, ondoren dantzaldiarekin jarraitzeko.

Bestalde, Goizuetatik autobusa jarriko da Aresora joateko, baina aldez aurretik izena eman beharko da Amaia Kafetegian egongo den zerrendan.

Egunaren amaieran, lekukoa Goizuetari pasako zaio, hurrengo urteko Topaketen antolatzaile gisa, eta festaren amaiera iragarriko da.

Gonbita luzatzen dugu Leitza, Goizueta, Arano eta Ezkurrako familia eta irakasle guztiei, Aresora hurbildu eta egun berezi hau elkarrekin ospatzera. Horrez gain, Topaketetako abestia eta koreografia ikasteko aukera ere izango da, giro ederrean eta parte-hartze handiarekin.