“Jostailua aukeratzea ez da jolasa!” kanpaina abiatu dute Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuko Prebentzio Programak eta Euskara Zerbitzuak, jostailuen erosketen inguruan hausnarketa nahiz kontsumo kontzientea bideratzeko eta euskarazko eskaintza sustatzeko helburuarekin.
Telebistako iragarkiek, garai honetako kaleko apaindurek, gabonetako giroak eta merkataritzaren eskaintza bereziak eragin handia dute garai honen kontsumoan, eta bereziki eragiten diete haurrak dituzten familiei. Ilusioaren izenean, sarri jostailu edo gailu elektroniko ugari eta inpultsiboki erostera jotzen da.
Testuinguru honetan, askotan marka jakin batzuek baldintzatutako jostailuak aukeratzen dira, edota haurraren adinera, interesetara edo erritmora egokitzen ez diren produktuak. Jostailuek, ordea, ez dute soilik entretenimendurako balio: haurrak mundua nola ulertzen duen eta zer balio barneratzen dituen ere baldintzatzen dute, bai genero-ikuspegitik, bai kontsumo-ohiturei dagokienez. Zoriontasuna objektu materialekin lotzen duten mezuek arrastoa uzten dute.
Horregatik, kontsumo kontziente eta arduratsu bat egiteko orientabideak eskaini nahi dizkiegu familiei, gida moduan erosketa-uneetan erabaki egokiagoak hartzen laguntzeko asmoz.
Urteroko banaketa eta material sorta osatua
Kanpaina hau lehen aldiz 2021eko azaroan jarri zen martxan eta ordutik urtero-urtero gurasoei material ezberdina banatu zaie Itzaire Haur Eskola; Erleta, Xalto eta Nazabal Eskolak; eta Amazabal Institutuaren bidez.
Aurten ondorengo materiala banatu da 397 familietan:
-
HH1 mailan dauden familiei:
-
“Turroi aurreko hausnarketak” gutuna, kontsumo-ohiturei buruzko gogoeta sustatzeko.
-
“Haur libreak maite ditugu” margoak, estereotipoak hausten laguntzeko.
-
“Haur jaio eta haur mantendu” denbora-pasak.
-
“Jostailua aukeratzea ez da jolasa” eskuorria eta test orientagarria.
-
Euskarazko Produktuen Katalogoa.
-
-
HH2–3 eta LH1–2 mailetan dauden familiei:
-
“Jostailua aukeratzea ez da jolasa” eskuorria eta test orientagarria.
-
Euskarazko Produktuen Katalogoa.
-
-
Haur Eskola, LH3-4-5-6 eta DBH 1-2 mailetan dauden familiei:
-
Euskarazko Produktuen Katalogoa.
-
Material hauek guztiek helburu bera dute: familiei laguntzea neguko oporretan jostailuak modu kontziente, hezigarri eta euskaldunean aukeratzen. Hasieratik argi utzi nahi izan da ekimen honek ez duela kontsumora bultzatu nahi, baizik eta erabakitzeko tresnak eman.
Informazioa eta kontaktua
Informazio gehiagorako: Gizarte Zerbitzuko Prebentzio Programa (948 510840) eta Euskara Zerbitzua (948 510 814).