Udako festak gertu direla eta, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio Programatik “Gozatu festak, giroa eta neurria zainduz” izeneko kanpaina abiatu da, jaiak modu osasuntsu, seguru eta errespetuz bizitzeko asmoz. Helburua herritarrak sentsibilizatzea eta eragile ezberdinen laguntzarekin jai giroa guztiontzat atsegin eta seguru bihurtzea da.
Kanpainak bi ildo nagusi ditu. Alde batetik, festetan parte hartzen duten taberna, elkarte, gaztetxe, txosna eta bestelako eragileei zuzendutako gutuna prestatu da. Eskutitz horren bidez, espazio horiek giro errespetuzkoa eta arduratsua bermatzeko duten garrantzia azpimarratu da, eta prebentziorako zenbait gomendio ere helarazi zaizkie: substantzia kontsumoen inguruko ardura (bereziki adin txikikoei dagokionean), jarrera erasokorren prebentzioa eta inguruko pertsonen zaintza, besteak beste.
Bestetik, herritar guztiei zuzendutako kartela kaleratu da, aholku erabilgarriekin:
-
Ura edan, atseden hartu eta ongi jan, gorputza zaintzeko.
-
Lagundu ondo sentitzen ez denari eta ez utzi inor bakarrik.
-
Ez dago zertan edan edo kontsumitu ongi pasatzeko: jaiak gozatzeko modu asko daude.
-
Ez onartu presiorik, bakoitzak bere erritmoa eta erabakiak errespetatzea ezinbestekoa da.
-
Jarrera erasokorrak, sexismoa, arrazakeria eta bestelako errespetu faltak ez dira onargarriak.
-
Eta, azkenik, zaindu giroa: festak guztiontzat izan daitezela, seguru eta goxo.
Kartelean, gainera, hainbat baliabideren berri ematen da: preserbatiboak eta alkoholimetroak eskuragarri egongo dira hainbat gunetan, eta baita taxi zerbitzuaren ordutegiak eta telefono zenbakiak ere.
Guzti honen bidez, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio Programatik herritar guztiei dei egiten zaie jaiak errespetuz eta arduraz bizitzeko, elkar zainduz eta denok gozatzeko moduko espazioak sortuz.
Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko, jarri harremanetan Prebentzio Programarekin:
📞 948 51 08 40
📧 prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org